AHOBIZI ETA BELARRIPREST

Euskaraldian parte hartzeko, ahobizi edo belarriprest moduan eman behar da izena. Ezberdintasuna, hartu nahi dugun konpromisoan egongo da.

Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz.
Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere. Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hamaika egunetan, hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.

Estres linguistikoa esaten zaio eremu eleanitzetan hizkuntzen artean aukeratu behar dugunean sortzen zaigun estresari (ikusi bideoa). Lehen hitza euskaraz egitean estres hori arintzen laguntzeaz gain, parekoari gu euskaldunak garela adierazi eta euskaraz hitz egiteko gonbidapena egingo diogu. Hala, “Kaixo, zer moduz” soil batekin txaparik gabeko pertsonak euskaldunak diren edo ez identifikatuko dugu.
Ahobizi izan daiteke…

16 urte baino gehiago izan eta…

  • euskaraz ongi moldatzen dena eta hamaika egunetan euskaraz egingo duena ulertzen duten guztiekin. Izan daiteke orain arte horretan saiatu den kidea, edo hizkuntza jokaera orain aldatzea erabaki duena.
  • euskaraz erdizka moldatzen dena baina prest sentitu eta hamaika egunetan euskaraz egingo diena ulertzen duten guztiei.

Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.

Belarriprest ugari daudenean, hau da, belarriprest eremua sortzen eratzen denean, euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatu egiten dira.

Euskaraz ulertze hutsak, taldeko kideei askatasuna ematen die nahi duten hizkuntzan hitz egin ahal izateko. Denok euskara ulertuko bagenu, euskaraz hitz egin nahi duten pertsona guztiek aukera izango lukete horretarako. Horregatik esaten dugu belarriprestek ateak irekitzen dituztela.

Mariano Ferrer Donostiako hamaikakoaren kide da eta belarripresta izango da Euskaraldiko hamaika egunetan. Horrela azaltzen du berak belarripresten garrantzia (ikusi bideoa).

Belarriprest izan daiteke…


16 urte baino gehiago izan eta…

  • Euskaraz ongi egiten duena baina erdaraz hitz egiten duen zenbaitekin (nahiz eta ulertu) ez du hamaika egunez euskaraz soilik hitz egiteko ariketa egin nahi; edo ez da prest sentitzen, adibidez, orain arte erdaraz izan dituen harremanak euskaraz izateko pausoa emateko.
  • Euskaraz gutxi gora behera hitz egin dezakeena baina ez dena ausartzen.
  • Euskaraz ulertzen duena baina ez dena hitz egiteko gai sentitzen.

Euskaraldiaren bideo-tutoriala