Apirilaren 22an Munoan egin genuen aurkezpen ekitaldiaz geroztik, herriko hainbat eragilerekin batu gara eta asko izan dira beraien babesa eta atxikimendua adierazi digutenak.
Sustatzaile deitzen diegun eragile hauek, Euskaraldian parte hartzeaz gain, komunikazio lanetan ere laguntzeko konpromisoa adierazi digute; bai beraien barnean, bazkide, kide edo langileei eta baita orokorrean, sare sozial etabarren bidez ere.
Orain arte atxikimendua adierazi diguten elkarte, talde, erakunde eta komertzioak oso anitzak dira eta pozgarria da hainbeste jende ezberdin euskararen alde egotetik alde egitera pasatzen ikustea. Olatua badoa handitzen eta pixkanaka-pixkanaka herri guztira zabaltzen.
Udan zehar, gainera, herriko festa eta ekitaldietan ere ikusiko ditugu Aho eta Belarri, baita Euskaraldiaren pankarta, banderola eta kartelak ere. Euskaraldiaren kolorez jantzi nahi dugu herria, zenbat eta parte-hartzaile gehiago, orduan eta errazago ekingo baitiogu euskararen aldeko hizkuntza ohitura aldaketa honi.