Ariguneak
Euskaraldiak bi parte-hartze mota izango ditu bigarren edizio honetan. Batetik, ariguneetan parte hartu ahal izango dute baldintzak betetzen dituzten entitateetako kideek. Baina, bestetik, norbanako moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin, egin daiteke ariketa, bai entitate barrruan -ariguneetan parte hartuko ez dutenek- eta baita entitatetik kanpora herritar gisa ere.
ARIGUNEAK ENTITATEETAN
Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Hala, bi motako ariguneak bereizten ditugu:
- Barne-ariguneak. Entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Entitate motaren arabera, ohiko funtzionamendua duten talde horiek askotarikoak izan daitezke (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Talde honetako kideek barne-arigunea osatzea erabakitzen dutenean modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostuko dute. Arigunea osatzeko beharrezkoa izango da taldeko kideen %80a gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartzea.
- Kanpo-ariguneak. Entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izango dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, besteak beste.
Helburu nagusia entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da. Parte hartzeko, zuzendaritzaren eta entitateko gainontzeko kideen inplikazioa beharko dira.
Baldintzak betetzen ez dituzten entitateak: arigunerik ez duten entitateei, hau da, euskara ulertzen duen pertsona talderik edota herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko kiderik ez dutenei, prozesuan sartzeko aukera emango zaie, nahiz eta ezingo duten ariketan parte hartu. Bi esparrutan lan egitea proposatuko zaie:
- Datozen edizioetara begira aurrera-pausoak ematen hasteko urratsak ematen hastea. Horretarako, neurri proposamenak egingo zaizkie.
- Entitate barruan ahobizi edo belarriprest gisa Euskaraldian parte hartuko duten kideen ariketa babestu eta sustatzea.
BELARRIPREST ETA AHOBIZI
Entitate barruan ariguneetan parte-hartuko ez duten kideek belarriprest eta ahobizi moduan hartu dezakete parte; iaz egin zen moduan.

Belarriprest
Ulertzen duten guztiekin uneoro euskaraz hitz egingo ez dutenak belarriprest Gutxienekoa euskara ulertzea da. Hala ere, nahi eta ahal beste egin dezake euskaraz; baina besteek euskaraz egin diezaioten eskatuko du. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
Ahobizi
Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du uneoro. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko du. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da.